ago 262009
 

Pasealekua LOGO.fh11

Prentsa oharra honen bidez, Eguzki irratiak bere proiektu berria, Pasealeku,  ezagutarazi nahi du. Pasealeku Iruñerria osoko berriak jasoko dituen magazina izango da, hurrengo abuztuaren 31tik aurrera antenara aterako dena, astelehenetik ostiralera goizeko 11etatik 12tara zuzenean. Era berean, arratsaldeko 5etan errepikapena entzuteko parada izango da edota edozein ordutan www.eguzki.net webgunearen bidez.

Pasealeku proiektu berria bada ere, Eguzki irratiak izan dituen beste proiektu informatibo batzuen lekukoa ere bada, gauero emititzen ziren “informatibo” historikoak, udako magazinak edota Eguzkiren magazina Eguzkiero, hain zuzen ere.

Irratsaio berri honen helburuak honako hauek dira:

–          Iruñerriko informazio guztia uhinetara eramatea, modu zabalean, originala, freskoa eta ikuspuntu berri bat eskainiko duena, ohiko komunikabideek eskaintzen ez digutena.

–          Entzuleen parte hartzea bultzatzea, zeren eta gure Pasealekuan entzuleek ez dute soilik entzuten baizik eta informazioa sortzen.

Iraila izango da Pasealekuaren aurre-denboraldia. Aurkezpen ofiziala, berriz, urrian izango da eta data horietan gure proiektua antenan egongo da bere atal guztiekin.

Azpimarratu behar da gurea bezalako irrati batentzat zer suposatzen duen horrelako proiektua martxan jartzea. Jakin badakigu aspaldi eskatzen ari zela Iruñerrian horrelako irratsaioa. Beraz, Eguzki irratiak izugarrizko esfortzua egiten ari da, bai pertsonal mailan baita maila ekonomikoan ere.

Hori dela eta, gastu ekonomikoei aurre egiteko asmoz eta kalitatean hobetzen jarraitzeko asmoz, Eguzki irratiak 100 eguzkide berri egin behar ditu hurrengo astetan. Orain arte dauden eguzkideen eta eguzkide berrien aportazio ekonomikoari esker lortuko baitugu Pasealeku hau aurrera eramatea baita proiektu berriak martxan jartzea ere.

Horregatik, Eguzki irratitik deia egiten dizuegu Eguzkideak izan zaitezten, 948 21 03 93 telefonoaren bidez edota www.eguzki.net webgunean.

Era berean dagoeneko eguzkideak diren pertsonei gure eskerrik beroena eman nahi diegu, haiek gabe proeiktu berria hau ez baitzen posiblea izango.

Beraz, gure Pasealekura hurbiltzeko gonbita luzatu nahi dizuegu, hurrengo abuztuaren 31tik aurrera, astelehenetik ostiralera, goizeko 11etan, errepikapenean arratsaldeko 5etan edota Eguzki irratiaren webgunean.

Ongi izan!

Sorry, the comment form is closed at this time.